“Anaitasunan gaur ahotsa izanen dute hondarreko 25 urteotan izan ez dutenek”
(2004/Martxoa/5)
   
 
NAFARROA BAI koalizioak larunbat honetako arratseko seietan eginen du hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, hondarreko hogeita bost urteotan Madrilen ordezkaritzarik izan ez duten milaka eta milaka nafarrendako espazioa aldarrikatu asmoz.
“Arratsalde honetako ekitaldiak elkargune eta aldarrikapen espazio izan nahi du gure burua nafar, abertzale eta aurrerakoi gisa identifikatzen dugun guztiondako, Nafarroa bestelakoa, elebiduna eta solidarioa harro defendatzen dugunondako”. Hala adierazi du Espainiako Kongresurako hautagai, Uxue Barkosek.
Barkosen esanetan “Anaitasunan azaltzeak aukera ematen digu UPNk monopolizaturiko Nafarroa soildu eta molde bakarrekoaren aitzinean, politika egiteko bestelako ereduari BAI, gurea den espazioari BAI eta ahots euskalerrizale eta aurrerakoiari ere BAI esaten diogun nafarrak milaka garela adierazteko”
Hau dela eta, NAFARROA BAIk nahi du ekitaldi nagusi hau koalizioa osatzen duten Aralar, Eusko Alkartasuna, Euzko Alderdi Jeltzalea eta Batzarre alderdietako militanteen zein egitasmo honek dituen aukera nabarmenak berebiziko ilusioz bizi duten milaka jarraitzaileendako elkartze festa bihurtzea. Denen artean behingoagatik Nafarroan zinezko alternatiba badugula ospatzea da kontua, behingoagatik Nafarroa BAI badugula ospatzekoa.
Ekitaldiari dagokionez, ordu bete eta laurdeneko iraupena izanen du goiti beheiti. Lehenbiziko hamabost minutuetan NAFARROA BAI koalizioa osatzen duten lau alderdietako ordezkariak izanen dira hitza hartuko dutenak: Patxi Zabaleta (Aralar), Begoña Errazti (EA), José Antonio Urbiola (EAJ-PNV) eta Milagros Rubio (Batzarre), hurrenez hurren.
Ondotik, eta NAFARROA BAIk independiente, gazte, sindikalista, intelektual eta abarrez osaturiko oinarri sozial zabalaren sostengua izan duela gogoratu ondotik, Espainiako Senaturako hautagai independienteek hartuko dute hitza: Pablo Lorente, José Luis Mendoza eta Bixente Serrano Izkok. Ekitaldia akitzeko, Espainiako Kongresurako hautagaitzan bigarren dugun Paula Kasaresek, eta NAFARROA BAI koalizioko zerrenda buru dugun Uxue Barkosek hartuko dute hitza.