Nafarroa Baik exijitzen du Nafarroako aurrekontuen negoziazioa Estatu mailan eginen den negoziaziotik at egon dadila
(2008/Iraila/12)
   
 

NAFARROA BAIko diputatua Uxue Barkosek adierazi bezala, “Nafarroako aurrekontuen negoziaketak ez du zertan loturarik izan behar Estatuan eginen denarekin”, izan ere, haren aburuz, “gauza batek eta besteak ez baitute zerikusirik”.


Barkosek gaineratu du txantaje onartezina litzatekeela jada Nafarroarako hitzartuak dauden azpiegiturak, AHTrena esaterako, Estatuko kontu orokorren onarpenaren arabera garatzea”.  


Zentzu horretan, NAFARROA BAIko diputatuak gogora ekarri du José Luis Rodriguez Zapaterok argi eta garbi esan zuela pasa den asteazkenean Diputatuen Kongresuan Nafarroan AHTren lanak ez daudela Estatuko Aurrekontu Orokorren menpe, horietatik at egindako hitzarmena baita. Hori dela eta, Barkosek Sanz presidenteari jada duela urte bete Gobernu zentralarekin egindako hitzarmena bete dadin ahaleginak egin ditzan eskatu dio”.


Bestetik, Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Hazienda batzordeko NAFARROA BAIren bozeramailea den Maiorga Ramírezek 2009ko Nafarroako Aurrekontuan eman den murrizketa “oso kezkagarritzat” jo du eta argi adierazi du horrek agerian uzten duela UPNren gobernua ekonomia arloan egiten ari den “kudeaketa galgarria”. Ramirezen aburuz, arlo fiskalean burutzen ari den politika “erabat okerra” da. Ildo honetatik, galdetu du azken urteotako superabita zerbaitetarako balio izan ote duen. 


Azkenik, ekonomian aditua den Juan Carlos Longásek adierazi du Foru Betearazleak aurkeztutako Aurrekontuen ardatzek “aldez aurretik iragarritako katastrofea” suposatzen dutela.  Longásen esanetan, “urtetan superabita izan dugu eta ziotenaren arabera egoera zail eta konplikatuetan baliatzeko omen zen; heldu da egoera zaila eta ez dago erantzunik”.   


Longásek ongizate sistema eta gizarte prestazio sistema bermatzeko egun Nafarroak arazo ugari dituela gaineratu du.