Diyarkarbirko alkateak Nafarroa Bairi eskerrak eman dizkio, Turkiako Gobernuak giza eskubideak urratzen dituela azaltzeko aukera eman diolako
(2008/Azaroa/5)
   
 

Diyarkarbir hiriko —milioi bat biztanle ditu— alkate Abdullah Demirbasek hitzaldia eskaini zuen atzo Iruñeko Tres Reyes hotelean. Nafarroa Baik antolatutako hitzaldia izan zen. Ehun pertsona ingururen aurrean, Demirbasek azaldu zuen bere herri kurduaren egungo egoera zein den. Era berean, Turkiako gobernuak alkate kargutik zergatik kendu zuen ere argitu zuen: bere hiriari buruzko turismo informazioa biltzen zuen diptikoa kaleratu zuen hainbat hizkuntzatan, eta horien artean kurdiera zegoen. Tayyip Erdoganen gobernuak erabat debekatua dauka kurdieraren erabilera.


Nafarroako Parlamentuko Elkarbizitza eta Nazioarteko Elkartasuna batzordean ere izan zen Demirbasek gaineratu zuenez, 60 urteko espetxe zigorra eskatu dute bere kontra, terrorismoarekin zerikusia daukan delitua egin duelakoan, eta horren atzean dagoen arrazoi bakarra da kurdiera erabili zuela.


Abdullah Demirbas Gizarte Demokratikoaren Alderdiko (DTP) kidea da. Herri kurduak bizi duen gatazka bide baketsuetatik konpontzearen aldeko lana egiten ari da alderdi hori. DTPk 21 ordezkari ditu Turkiako Parlamentuan, 55 alkatetza eta 1.000 zinegotzi inguru.


Nafarroa Baik bere elkartasuna adierazi zion atzo Abdullah Demirbasi eta bere alderdi politikoari, eta herri kurduak dituen hizkutz eskubideak eta giza eskubideak babesteko egiten ari diren lanagatik txalotu zituen.