Nafarroa Baik Bardeetako tiro eremuaren kontrako manifestazioa deitu du larunbaterako
(2008/Azaroa/24)
   
 

Nafarroa Baik gaur iragarri du hurrengo larunbatean manifestazioa egingo duela Bardeetako tiro eremuaren kontra, ‘Bardeak nafar guztiontzat. Bardeak Nafarroarentzat’ lemapean.


Manifestazioa antzinako autobus geltokitik aterako da, arratsaldeko 17:30ean, eta Baja Navarra kalea zeharkatu ostean, Gaztelu plazan bukatuko da. Manifestazioarekin lortu nahi dena da herritarren ahotsa entzunaraztea eta hitzarmena ez sinatzea; era berean, Bardeetako jabetza Nafarroarena izatea lortu nahi da.


Espainiako Kongresuko parlamentari Uxue Barkosek esan duenez, “Bardeetako hitzarmena berritzeko atarian gauden honetan, Nafarroa Baik bere oposizioa agertu nahi du hitzarmena berritzeari”. NaBaiko parlamentariak azaldu duenez, aurreko legealdian Espainiako Defentsa Ministerioari eskatu zion beste alternatiba batzuk bila zitzala, eta Italia, Frantzia eta Kanadako aukerak agertu ziren. “Gure ustean, Bardeetako baino aukera aproposagoak ziren guztiak”. Barkosek gaineratu duenez, Defentsa Ministerioko kideek begi onez ikusten zituzten aukera horiek, baina oztopo bakarra zuten: “Bardeetako eremuaren alokairuaren prezioa”.


NaBairen ustean, PSOEk bere jarrera erabat aldatu du bere bigarren legealdi honetan. “Ez du Bardeetako tiro eremua mantentzen bakarrik; orain beste 30 urterako berritu nahi du hitzarmena. Francoren sasoian ere ez zen horrelakorik proposatu”.


Parlamentariak zehaztu duenez, tiro eremuaren alokairua jasotzen dutenek orain arteko jasotakoa baino askoz diru gehiago jasoko dute hitzarmen berriarekin. “Beste alternatibek zuten prezioa baino garestiagoa izango da Bardeetako tiro eremua mantentzea”.


Bardeetako Batzordeko presidente Antonio Gayarreren jarrera ere kritikatu du Barkosek. “Tiro eremuaren kontrako aktibista izan zen lehen, eta orain hitzarmena negoziatu dutenen artean dago”.


Txentxo Jimenez NaBaiko Nafarroako parlamentariak, bere aldetik, esan du garrantzitsua dela gizarteak hitzarmena berritzearen kontrako bere iritzia azaltzea, “gizartean ondo errotua dagoen aldarrikapena delako”.