Zabaletak Sanzi leporatu dio terrorismoa “politikoki baliatzea, bere miseriak ezkutatzeko”
(2009/Ekaina/22)
   
 

Era horretara erantzun die Zabaletak joan den larunbatean, ETAren azken atentatua salatzeko egin elkarretaratzearen ondoren, Miguel Sanzek egindako “adierazpen ezegoki eta onartezinei”. Izan ere, adierazpen instituzionalaren bozketan Nafarroa Bai abstenitu izana salatu zuen Sanzek, eta esan zuenez, “terrorismoaren kontrako borroka ez da zehaztasun kontua: terrorismoarekin zaude edo terrorismoaren kondenaren ondoan”.

Zabaletaren aburuz, “Sanzek adierazpen horiek egin zituen bere miseriak eta bere alderdiko kontraesanak ezkutatzeko”. Era berean, gogoratu du Yolanda Barcinak, Nafarroako Festaren egunean, “saihestu” egin zituela gai politikoak bere adierazpenetan; “hori eginez gero, arazoak daudela agerian geratuko litzatekeelako”.

Gaineratu duenez, “beren miseriak ezkutatzeko ahaleginetan ari dira, eta horretarako, indarkeriaren gaia itsuski erabiltzen ari dira, azken 30 urteotan neofrankistak egiten ari diren moduan, terrorismo frankista eta ETAren indarkeria beren probetxurako erabiltzen ari direlako”.

Zabaletak azpimarratu duenez, Eduardo Puellesen hilketa salatzeko koalizioak proposatutako adierazpena Eusko Legebiltzarrean onartutako bera da, PSE, EAJ, PP, UPyD, EA eta Aralarrek onartutakoa, “baina hemen UPNk eta bere jarraitzaile PSNk eta CDNk atzera bota dutena”.

Nabaiko bozeramaile defendatu duenez, “batasun proposamena egin zuen bakarra Nafarroa Bai izan zen, indarkeriaren fenomenoaz baliatzeko asmorik ez dugunak. Horixe da instintiboki eta oso baldar Sanz jaunak egiten duena”.

Era horretara, dei bat egin zion Sanzi: “Bere dilema sinplistaren arabera, Legebiltzarra osatzen duten alderdi guztiak ere, Nafarroa Bai bezala, edo terrorismoarekin edo terrorismoaren kontra daude. Gauza bera esan beharko lieke alderdi horiei ere bai”.

“Sinplifikazioa erredikulua da batzutan, Sanzek egiten duen moduan, baina horiek guztiek agerian uzten dute askoz larriagoa den kontu bat: indarkeria politikoki baliatzea inolako lotsarik gabe”.